San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Sariak, aurten hamargarren urteurrena egingo duenak, dagoeneko osatu du filmatu zen tokiko balio urbanistiko, natural, kultural edo sozialak hoberen islatzen dituen pelikula bost film luze finalisten artean aukeratuko duen epaimahaia. Aurten berriz ere hautatu da hainbat ikuspuntu eta ikuspegi eskainiko dituzten adituek osatutako epaimahaia, haien artean: Javier Aguirresarobe argazki zuzendaria, Marta Etura eta Gorka Otxoa aktoreak, Ágatha Ruiz de la Prada diseinatzailea eta Benito Zambrano zinema zuzendaria. Saria San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission erakundeak antolatzen du. Erakunde honekin, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin batera, ikus-entzunezko industria sustatzen du hiriaren eta Gipuzkoako lurraldearen eragile ekonomiko gisa.

Epaimahaia irailaren 24an agertuko da, Donostiako Zinemaldiaren datetan, pelikula irabazlea iragartzeko, Donostiako Maria Cristina Hotelean egingo den ekitaldi batean. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission saria irabazten duen filmaren ekoiztetxeak 7.000 € eskuratuko ditu eta Film Commission laguntzaileak, 3.000 €.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Sariko 2021. urteko epaimahaiko kideak hauek dira:

illargi

Javier Aguirresarobe. Eibarren jaioa, 1948an, 75 film luze baino gehiagotan parte hartu du. Sei Goya sari irabazi ditu, bai eta Zinematografia Sari Nazionala ere, Espainiako zinemaren sektoreko saririk garrantzitsuena, 2006. urtean. 2000. urtetik aurrera Javierrek nazioarteko ospea lortu zuen Alejandro Amenábarren “Los Otros” eta “Mar Adentro” filmei esker. Pedro Almodovarren “Hable con Ella” eta Woody Allenen “Vicky, Cristina, Barcelona” pelikulek Hollywoodeko ateak ireki zizkioten. John Hillcoat zuzendariaren “The Road” (2008) filmarekin BAFTA sarietarako izendapena lortu zuen, Estatu Batuetan filmatu zuen lehenengo pelikularekin. Haren ondotik etorri ziren “Crepúsculo” sagako “New Moon” eta “Eclipse” filmak, Chris Weitzen “A Better Life”, Graig Gillespie-ren “Fright Night” eta, berriz ere Woody Allenen esanetara, “Blue Jasmine”. Estatu Batuetan egindako lana osatzen da James Bobinen “Dora and the City of Gold” filmarekin. Gaur egun Columbia Pictures konpainiarentzat lanean ari da Will Speck eta Josh Gordonen “Lyle, Lyle Crocodile” produkzioan.


illargi

Marta Etura. Aktore donostiarra Cristina Rotaren eskolan prestatu zen. 2001. urtean, Joaquín Oristrellen eskutik, “Sin vergüenza” pelikulan parte hartu zuen eta haren atzetik beste hainbat etorri ziren: Eduard Cortésen “La vida de nadie” –Aktore Berri Onenaren Goya sarirako izendapena ekarri ziona–, edo Patricia Ferreira zuzendariaren “Para que no me olvides” –Aktore Sekundario Onenaren Akademiaren sarirako izendapena lortu ziona–, besteak beste. 2006an Aktore Protagonista Onenaren Goya saria irabazi zuen Daniel Sánchez Arévaloren “AzulOscuroCasiNegro” filmarekin eta, 2010ean, berriz ere irabazi zuen Goya saria, oraingoan Aktore Sekundario Onenaren kategorian, Daniel Monzónen “Celda 211” pelikularekin. Antzerkiari eta dantzari lotuta egonda, Miguel del Arcoren “Ilusiones” antzezlanean lan egin du, besteak beste, eta baita izen handiko dantza konpainiekin ere, hala nola 10&10.


illargi

Gorka Otxoa. Donostian jaioa, ETBko “Goenkale” serie ospetsuan parte hartu zuen Madrilera joan aurretik. 2009. urtean, Borja Cobeagak zuzendutako “Pagafantas” pelikularen protagonista izan zen eta Aktore Berri Onenaren Goya sarirako izendapena jaso zuen horregatik. Horren ondoren, film ugariren protagonista izan da, esaterako: Juan Martínez Morenoren “Lobos de Arga”, Patxo Telleriaren “Bypass”, Peris Romanoren “Los miércoles no existen”, Patxo Telleriaren “Ranas” eta Netflixek produzitutako bigarren Espainiako pelikula, “Fe de etarras”, Borja Cobeagarena. Telebistan arrakasta handiko serieetan parte hartu du, hala nola “Velvet”, “Allí Abajo”, “Águila Roja”, “Cuestión de sexo”, “Vive cantando” edo “Doctor Mateo”. Gaur egun, “Paraíso” izeneko Movistar plataformaren serie berriko pertsonaietako bat da, Fernando González Molinaren zuzendaritzapean, eta “Un asunto privado” seriearen filmaketa amaitu berri du protagonista gisa, 2022an estreinatuko den Amazonen serie berria, alegia. “La Coartada” antzezlanean ere lan egiten ari da momentu honetan, Bernabé Ricoren esanetara.


illargi

Ágatha Ruiz de la Prada. Bartzelonako Modaren Arte eta Tekniken Eskolan ikasi zuen. Bere diseinuekin modaren hiriburu nagusietan desfilatu du: Paris, Milan, New York, Florentzia, Madril, etab. Diseinatzaile honen sorkuntzak adierazpen artistikorako kanal bihurtu dira eta, modaren munduan hasi zenetik, Europa, Amerika eta Asiako hainbat galeria eta museotan izan ditu erakusgai zenbait pieza maisu. Enpresa eta erakunde ofizialekin ezarritako lankidetzari esker, antzerkigintza, opera eta dantza ikuskizunetarako uniformeak, jantziak eta eszenografiak diseinatu izan ditu. Espainiako modaren irudiari egin dion ekarpena dela eta Modako Diseinuaren eta Modaren Industriaren Sari Nazionalak irabazi zituen 2017. eta 2018. urteetan, hurrenez hurren, 2008an irabazi zuen Arte Ederretako Merituaren Urrezko Dominarekin batera.


beni

Benito Zambrano. Gidoilari gradua burutu zuen La Habanako Nazioarteko Zinema eta Telebista Eskolan. Bertan egin zuen “Los que se quedaron”, hamabi nazioarteko sari ekarri zizkion dokumentala, eta “El encanto de la luna llena” film laburra, hainbat zinema jaialditako sariak jaso zituena. Espainian, bere lehenengo film luzea “Solas” izan zen, bost Goya sari eta Berlinaleko publikoaren saria irabazi zituena. “Habana Blues”, bere bigarren film luzea, Cannes jaialdiko Un Certain Regard sekzioan aurkeztu zen 2005. urtean eta Goya sarietarako lau izendapen lortu zituen, horietatik musika original onenarena eta muntaia onenarena irabazita. 2011ko irailean estreinatu zuen bere hirugarren pelikula, “La voz dormida”, Donostiako Zinemaldian, eta aktore onenaren Zilarrezko Maskorra lortu zuen bertan. “Intemperie” da bere laugarren filma. Bost Goya izendapen lortu zituen 2020an eta horietako bi irabazi zituen, horien artean, gidoi egokitu onenaren Goya saria. Gaur egun, bere azken pelikula amaitzen ari da, “Pan de limón con semillas de amapola”, 2021eko azaroan estreinatuko dena.

 

PELIKULA FINALISTAK

Euren produkzioen edo koprodukzioen zati bat Estatuko lurraldean garatu duten eta Film Commission nazional baten lankidetza izan duten ekoiztetxe nazionalek aurkeztu ahal izan dituzte fikziozko film luzeen proposamenak. 29 pelikula aurkeztu dira eta, horietatik, bost hautatu dira San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission sarirako finalista moduan. Hauek dira aurtengo saria irabaz dezaketen pelikulak:

  • Baby”, Juanma Bajo Ulloarena. Vitoria-Gasteiz Film Office-ekin lankidetzan filmatua.
  • Ilargi Guztiak”, Igor Legarretarena. Bilbao Bizkaia Film Commission, Navarra Film Commission, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission eta Vitoria-Gasteiz Film Office-kin lankidetzan filmatua.
  • Nieva en Benidorm”, Isabel Coixetena. Benidorm Film Office-ekin lankidetzan filmatua.
  • Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas”, Iván Ruiz Floresena. Vitoria-Gasteiz Film Office-ekin lankidetzan filmatua.
  • Salir del ropero”, Ángeles Reinerena. Lanzarote Film Commission-ekin lankidetzan filmatua.

Aurten hamargarren urteurrena egingo duen sari honen helburua da euren filmaketekin, filmatzen duten lurraldeetan, negozio eta enplegu aukerak sortzen dituzten ikus-entzunezko ekoiztetxeen lana goraipatzea. Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin batera, ikus-entzunezko industria hiriaren eta Gipuzkoako lurraldearen eragile ekonomiko gisa sustatzeko estrategiaren esparruan kokatzen da ekitaldi hau. 2019ko San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria Oliver Laxe galiziarraren “O que arde” pelikularentzat izan zen, Asturias Paraíso Natural Film Commission-en lankidetzarekin filmatu zena. Aurreko edizioetan, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Sariaren epaimahaikide izan dira, besteak beste, Oscar Jaenada, Mitxel Gaztambide, Pablo Malo, Natalia Berbeke, Goya Toledo edo Jose María Goenaga.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission 2018. urtean sortu zen, 2003az geroztik San Sebastian Film Commission izenarekin existitzen zen arren, Donostiako eta Gipuzkoako lurralde guztia ikus-entzunezko industria nazionalaren eta nazioartekoaren arloan sustatzeko erronka nagusiari erantzuteko, filmaketetarako lokalizazio ezin hobea izanda, tokiko ikus-entzunezko sektorea eta sektore digitala ezagutzera eman eta garatzeko helburuarekin.