Azken kapituluetan berriro ere Donostia agertuko da hiriko puntu ezberdinetan filmatutako eszenen bitartez, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen lankidetzari esker. 2015eko apirilean estreinatu zenetik, seriea Donostiako kokapen enblematikoetan filmatu da; hala nola, Alde Zaharra, portua edota Igeldo Mendia. ‘Alli Abajo’ seriean, gainera, tokiko kulturako alderdi bereizgarriak erakutsi dira; esate baterako, gastronomia, danborrada edo ‘kuadrilla’.
 
Andaluziarren eta euskaldunen arteko kontrastea izan du gidari umore-eran, eta serie arrakastatsuaren hainbat denboraldi txandaka filmatu dira Donostia eta Sevilla artean. Atresmedia Televisiónek produzitu du, Plano a Planorekin lankidetzan Antena 3ko prime time-rako. ‘Allí abajo’ seriearen bosgarren denboraldirako ere aktore gehienak mantendu dira, tartean Jon Plazaola eta Oscar Terol euskaldunak. Era berean, serie osoan zehar, bertako beste aktore batzuk ere ikus ahal izan dira; hala nola, Elena Irureta, Ane Gabarain, Gorka Otxoa, Asier Hormaza, Gorka Aginagalde, Santi Ugalde edo Iker Galartza. Orobat, iazko grabazioan, Donostiako eszenatokietan izan zen Antonio Orozco abeslaria, kapituluetako batean parte hartu baitzuen.
 
‘Allí abajo’ seriearen kapitulu ezberdinak hirian grabatzeko, lan-kopuru handia sortu da ikus-entzunezko sektoreko tokiko enpresentzat, produkzio eta arteko profesionalak kontratatu, ekipoak alokatu eta abar egin behar izan dira-eta.
 
Duela aste pare bat, ‘Patria’ seriea filmatzen hasi ziren Donostian, eta Elgoibar bezalako Gipuzkoako hainbat herritan ere grabatuko da udaren hasiera aldera arte. ‘Patria’ Fernando Arambururen izen bereko nobelan oinarritzen da, eta protagonista-lanak, besteak beste, Ane Gabarainek egingo ditu. HBO Europaren lehen serie espainola da, eta Donostiako Aitor Gabilondoren Alea Mediak ekoizten du.
 
Halaber, aurtengo udan hemen filmatuko da ‘La línea invisible’, Sentido Films-ek ekoiztua Movistar-entzat. Gaur egun, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission esku hartzen ari da produkzio aurreko fasean. ‘La línea invisible’ Mariano Barrosok zuzentzen du, hiru Goya sariren irabazleak eta zinema-akademiaren egungo zuzendariak, Alejandro Hernándezen eta Michel Gaztambideren gidoiarekin; azken hori Donostiakoa da eta gidoi onenaren Goya irabazlea ‘No habrá paz para los malvados’ lanaren truke. Seriearen produkzioa zuzentzen duena Donostiakoa da baita ere eta 2018an Goyaren irabazlea izandakoa; hots, Ander Sistiaga.
 
Orobat, egun hauetan, Donostian beste telebista-programa bat filmatzen ari dira. Juan Manuel Montilla ‘El Langui’ eta Pablo Pineda aktoreak, TVErako ‘Donde comen dos’-en protagonistak, Zurriolako pasealekura hurbildu dira hainbat hartualdi grabatzeko desgaitasuna duen bikote gipuzkoarrarekin batera. Era horretan, San Sebastian Gipuzkoa Film Commissionek ekoizpen honetan ere parte hartu du.
 
Beraz, horrek guztiak erakusten du Gipuzkoak eta hiriburuak filmatzeko eszenatoki gisa zer-nolako aukera handiak eta moldakortasuna eskaintzen dituzten. Halaber, gure ingurunean sektore zinematografikoak eta ikus-entzunezkoek duten garrantzi ekonomikoa nabarmentzen da, baita enpleguaren aldetik ere.